Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxearen azpian dago kultur etxea. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Egiptoren inguruko literatura eta zinema zikloa antolatu du Aieteko Lantxabe bizilagunen elkarteak otsailean eta martxoan. Aieteko Kultur Etxean egingo dituzte ziklo honetako jarduerak, eta lehenengoa otsailaren 8an, 18:30ean izango da. Lantxabe elkarteko Lola Arrietak Alaa al-Aswaniren La República era esto eleberriari buruzko eztabaida gidatuko du.
Hilaren 9an, zine forum saioa izango da, eta Youssef Chain zuzendariaren Cairo Station filma emango dute. Pelikula aurkezteko Josemi Beltran izango da Aieten, Donostia Kulturako zinema unitateko eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen arduraduna. Filma 18:00etan hasiko da.
Hitzaldi zikloa
Hitzaldiak ere antolatu dituzte zikloaren barruan, Antzinako Inperioa: piramideen eraikitzaileak izenburupean. Hitzaldi guztiak 19:00etan izango dira. Otsailean, Maria Jose Noainek emango ditu hitzaldi horiek, eta lehenengoa otsailaren 15ean izango da: Faraoien Egipto. Bigarrena, aldiz, otsailaren 29an izango da: Tebasen distira.
Azkenik, zikloari amaiera emateko, martxoaren 7an Antonio Dupla historialariak eta EHUko irakasleak Honatago faraoiak eta erreginak: El Egipto romano hitzaldia eskainiko du.
Sara Ibarguren
2024/02/05