Datorren ostegunean, otsailaren 8ean
Literatur topaketa Lola Arrietarekin, [Aiete Kultur Etxea, 18:30], ‘La república era esto’ izango dugu hizpide, Alaa al-Aswani idazlearen azken eleberria, 2021ean argitaratua. Udaberri arabiarrak Egiptoko gizartean izandako eragina erakusten duen kontakizun korala dugu.
Alaa al-Aswani idazle eta intelektual egiptoarra da, 1957an Kairon jaioa. Ama familia aristokratiko batekoa zuen; osabetako bat hezkuntza ministro izana zen. Aita, abokatua eta intelligentsiako kidea, idazlea izango zenak 19 urte zituela hil zen. Al-Aswanik Kairoko Lizeo Frantsesean amaitu zuen bigarren hezkuntza, eta bere hiriko Unibertsitatean lizentziatu zen hortz-medikuntzan. 80ko hamarkadan Estatu Batuetara joan zen master bat egitera. Bere lehen emaztearekin ezkondu zen, hau ere dentista, eta seme bat izan zuten, Seif. Banandu ondoren, Eman Taymoorrekin ezkondu zen berriro, eta bi alaba ditu: May eta Nada.
Kritika literarioak, erreportaje kulturalak eta analisi politikoko artikuluak argitaratzen hasi zen Egiptoko hainbat hedabidetan, baita Europako egunkarietan ere. Bere lehen eleberriak, 1990ean atera zenak, ez zuen ia oihartzunik izan, baina bigarrena, El edificio Yacobian (2002), oso irakurria izan zen, hizkuntza askotara itzulia, eta bere herrialdean zinemara egokitua. Bertan, gizarte egiptoar modernoaren ikuspegi ironiko eta kritikoa eskaintzen du, ondorengo lanetan bezala; hala nola El automóvil club de Egipto (2013). Egilearen hitzetan, 2011ko Egiptoko Iraultzako manifestariek “zuk idatzitakoari esker gaude hemen” esan zioten.