Gauzak ondo, hitz hauek irakurtzen ari zaren bitartean garagardo bat edaten arituko naiz, hiru lagunekin,Wurzburgeko Udaberriko Ferian.
Badakit ez dela Municheko Oktoberfesta, baina saltxitxak txukrutarekin jan eta litroko pitxar batekin gozatzeko ez dago milaka pertsonaz inguratuta egon beharrik.
Agian, batek baino gehiagok pentsatu duzue gustura egongo zinateketela nire lekuan. Kontua da, detaile txiki bat aipatzea ahaztu dudala nahita, eta litroko pitxerrak eta hiru lagun eta lankiderekin batera, 17-18 urteko 60 ikasle ere ekarri ditudala.
Ziur aski, nire ingurukoek ikasbidaira noala esaten diedanean bezala, muturra pixka bat okertu duzu orain. Eta pentsatu dituzu horrelako batzuk: «A zer meritua duzuen», «nik ez dakit joango nintzatekeen», edo «a zer ardura, ez?».
Bada, begira, irakasle izateko tonto puntu bat eduki behar dela uste izanda ere, tonto-tontoak ere ez gara, eta lanera eta arduraz etorri arren, ondo pasatzeko asmoa ekarri dugu; ikasleek, noski, eta guk ere bai.
Eta gozatzeko asmoz etorri gara, inguruko askok diotenaren aldean, ziur gaudelako gure gazteek badakitela tokatzen denean egoten, bai, bizitzari aurre nola egin ikasten ari diren honetan, zentzuz jokatzeko gai direla, eta, ez direnean, esaten dieguna entzun egiten dutela.
Bai, konfiantza horrekin etorri gara, eta badakigu, bederatzi egun hauetan, matematikaz ez, baina beste mila gauzataz hitz egiteko aukera izango dugula.
Prost!
12/04/2014