Luxuzko etxebizitzak auzo ahaztu batean

Luxuzko etxebizitzak egingo dituzte Errondogainan

Errondogainan 100 etxebizitza inguru eraikitzeko proiektua bideratu du udal gobernuak. Bizilagunak, baina, kezkatuta agertu dira, «pilotakada urbanistiko» zantzuak dituen proiektu horrek ez ote duen inguruko sarbide bakarra are gehiago tentsionatuko.

Errondogaina pasaerako toki bat da. Puio mendiaren magalean eta Anoeta gainean kokatuta, Oriamendiko muino horrek Aiete eta Amara Berri auzoak batzen ditu. Errepide bakarra du, bi noranzkoekin, eta ibilbide horren ertzetan ditu bizitokiak: etxebizitza zaharrek dute lehen lerroa; atzera, berriz, urbanizazio berriekin osatu dute eremua, Puio futbol zelairaino. Ez dago ez dendarik, ez farmaziarik inguruan. San Joan Jainkoarena ospitalea da azpiegitura handi bakarra. Bada, hiriaren eremu horretan, Anoetako Kirol Hiriaren eta G-20 saihesbidearen artean, luxuzko urbanizazio bat egiteko plan partzialaren behin-behineko baiezkoa eman du udalak, orain bi aste.

Hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) aurrerakinean ere jasota datorren proiektua da Errondogaina II. Hiru hektareako azalera duen eremuan, 96 etxebizitza egiteko proiektua jasotzen du txostenak. Udalak, baina, zenbateko hori handituko du: «2010eko HAPOan jasota zeuden Arbaizenea eremuko etxebizitza guztiak ez zirenez egin, Errondogainan, egokitutakoa baino gehiago eraikiko dute», adierazi du Felix Perez Aieteko Lantxabe auzo elkarteko presidenteak, Nekane Arzallus Hirigintza, Plangintza eta Etxebizitza zinegotziak emandako argudioei erreferentzia eginez.

Etxebizitza babesturik ez

Plan partzialak zortzi bizitegi eraikin egitea aurreikusten du, bakoitza lau solairurekin, eta, udalaren aldaketarekin, 101 etxebizitza izango lirateke, orotara. Bakoitzak 120 metro koadro izango ditu eta hiru eta lau logela artean. Gainera, guztiak libreak izango dira, bizilagun askoren harridurarako.

Proiektuaren memorian jasotzen denez, Errondogaina II-k ez du «etxebizitza babestuetarako erreserbarik» egin beharko. Lurzoruari buruzko Legearen 80. artikuluan eta 123/2012 Dekretuaren 10. artikuluak jasotzen duen gutxieneko kopuruei dagokienez, memoriak dio hiri antolamenduko plan orokorrak «udalerri osoan betetzen duela» eskakizun hori, eta «ez eremuz eremu». Hau da, egin beharko liratekeen etxebizitza babestuak beste eremuetako proiektu batzuetan txertatuko direla.

Eremua, gainera, pribatua da ia bere osotasunean. Udalak partzela bat izan arren —proiektuko zazpigarrena, 7.160 metro koadrorekin—, proiektua bideratzeko laga du. «Harrigarriena da udalak etxebizitza babestua egiteko diskurtsoa zabaltzen duen bitartean, zoru publikoa etxebizitza libreak egiteko laga izana», adierazi du Perezek. Gainerako lursailak Prodest SL enpresarenak —hiru—, Janeiro familiarenak —bi— eta Gaztelu familiarenak dira —bat—.

Eremuaren urbanizazioa proiektua ez da berria. Udala planak prestatzen aritu da azken bi hamarkadotan. 1995eko hiri antolamendurako plan orokorrak jada aurreikusten zuen Errondogaina II eremuaren garapena, izen horrekin. Garai hartako kopurua familia bakarreko 61 etxebizitzatan finkatzen zen; 2003an, berriz, familia askorentzako blokeak, hiru solairutakoak, planteatzen ziren. Nola edo hala, planteamendu horiek azkenean kanpo gelditu dira, eredu horiek iraunkorrak ez direla iritzita.

Auzoari bizkarra emanez?

Urbanizazio berriak igerilekua eta tenis pista bana izango ditu ekipamendu pribatu nagusi gisa, eta, memoriak jasotzen duenez, 13.129 metro koadro bideratuko dituzte ekipamendu publikorako. Bizilagunak, baina, kezkatuta agertu dira. Diotenez, auzoko beharrak erreparatu eta horren arabera eraiki beharrean, urbanizazioarentzat bakarrik bideratuta dauden espazioak sortuko dituztelakoan daude: «Hau golf zelai bat eraiki eta jauntxoei beren instalazioak jartzen dizkietenean bezala da», adierazi du Luis Miguel Teja bizilagunak.

Eremuko aldaketak askotarikoak izango direnez, urbanizazio berriaren sarbidea bere horretan uztea erabaki dute. Hala, San Joan Jainkoarena paretik doan bidearen zabalera egokitu arren, urbanizaziorako sarrera Errondogaina bidetik ere egin beharko dute bizilagun berriek.

120 metro koadroko etxebizitza libreak eraikiko dituzte, igerileku eta tenis pistarekin

Arlo hori da egun, auzokideen kezka nagusia. Azaldu dutenez, dagoeneko trafiko handiko eremu bat da, eta bizilagun berrien etorrerak are gehiago zaildu dezake bide nagusiko trafikoa: «Futbol egunetan ez ezik, eskola egunetan ere gainezka egoten da, lau ikastetxe ditugulako inguruan. Benetan ez dutela beste sarbiderik aurreikusten?», galdetu du Tejak.

Errondogaina Miramonetik banandu zuten saihesbidea sortu zutenean, eta, diotenez, urteekin, nahiko isolatuta geratu dira. Gauzak horrela, saihesbiderako lotune bat eskatzen aritu dira. Eremuko lan berriek aukera berriak sor ditzaketenaren jakitun, itxaropentsu daude, baina ez dute uste etxebizitzen aurretik igaroko denik: «G-20rako aldapa erreklamatzen ari gara eta agian ez dute nahi izango. Hortxe dugu Bera Berako aurrekaria». Lantxabeko presidenteak gogorarazi duenez, Aieteko inguru horrek ez zuen irteerarik duela hogei urte arte: «Urbanizazio elitista zen, barne zirkuitu batekin, baina ez zen Errotaburu aldera irteten, ez zutelako nahi».

Askotariko beharrak

Auto bidezko sarbidea ez ezik, eremuak oinezkoentzako irisgarritasun arazoak ere sortzen dituela diote Raquel Peña eta Feli Diaz de Cerio bizilagunek. Atano III. pilotalekuaren atzealdearekin lotzen dituen bidezidor bat dute, baina udalak joan-etorriak galarazi ditu: «Hainbatek egunero erabiltzen dute, topoaren aldamenean agertzen zarelako, baina ez mantentzeagatik, udalak nahiago du ibilbideko sarrera galarazi», adierazi du Diaz de Ceriok.

Inguruan, halaber, urteak eman dituzte mugikortasuna erraztuko duen funikular edo igogailu bat eskatzen: «Guretzako ez dute egin, baina luxuzko etxebizitzetako bizilagunak etortzeke daudenez, pilak jarriko dituzte akaso. Ikusteke dago».

Olatz Balda

2024/11/15

Deja un comentario

WP Twitter Auto Publish Powered By : XYZScripts.com
Scroll al inicio